Hausnarketa eta gogoeta ugari egin ostean, gure Elizbarrutiak, Euskal Autonomia Erkidegoko beste kideekin batera, Elizbarrutiko Agiri Historikoak Digitalizatzeko Lankidetza Hitzarmena sinatu zuen Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailarekin 2000. urtean –lerro hauen bitartez, biziki eskertu nahi diogu bere ardura zintzoa eta laguntza baliotsua–. Horrek, Artxibo honetan dauden deskribapen tresnak internet bidez kontsultatzeko aukera emango dio erabiltzaileari, hots, Katalogoa, Gida eta XX. mende aurreko fondoetako Sakramentuen erregistroen aurkibideak.
Proiektu itzel honetan murgildu ginenez geroztik, jarduera-andana bat garatu eta abian jarri dugu; honela sailkatuak aurkitzen dira.
Artxibo honetako fondoak, ISAD (G) eta ISAAR (CPF) araudiei jarraituz ari gara katalogatzen, File Maker formatuko datu-basea eginez. Gaur egun, 15.000 erregistro baino gehiago jasotzen ditu informatizaturiko katalogo honek, eta egunetik egunera zabaltzen ari da. Nolanahi ere, oraingoz sakramentu-agirien erregistroak bakarrik kontsulta daitezke internet bidez.
GUREAK taldeko GUDAT enpresako teknikariek digitalizatu dituzte sakramentu-agirien fondo historikoak. Jatorrizko agiriak honda ez zitezen, 700.000 irudi inguru jasotzen dituzten kopia mikrofilmatuak erabiliz burutu da aipaturiko prozesua. Oraindik badirenez mikrofilm-kopiarik ez duen zenbait sakramentu-agiri, hitzartutakoari jarraituz, horiek ere digitalizatu egingo dira.
Digitalizaturiko kopien fidagarritasuna segurtatzearren, mikrofilmaturiko kopien edukia, jatorrizko liburuen edukiarekin parekatu dugu, orri eta fotograma guztiak banan-banan berrikusiz, sakramentu-agiri bat bera ere ez dela falta egiaztatzeko, eta jatorrizko agiriaren kalitate bertsuaz irakur daitekeela ziurtatzeko. Lan astuna izanik ere, egin beharrekoa eta funtsezkoa zen, digitalizazio-lana eragotz zezaketen balizko akatsak antzemateko.
Aipaturiko Hitzarmenaren arabera, 2000. urteaz geroztik, Gipuzkoako parrokia guztietako sakramentu-agirien –XX. mende aurretikoen– aurkibideak egiten ari gara.
Datuak era sistematiko batean biltzeko, Arau batzuk idatzi eta plantila informatiko berezi batzuk prestatu ditugu sakramentu-agiri edo erregistro-mota bakoitzerako (Bataio, Ezkontza edo Heriotza), Sendotzentzat izan ezik.
Artxibo honetako eguneroko lana errazteko, eta artxibo-erabilera proiektu honen eskakizunetara egokitzeko, hainbat saiakera egin ostean, barruko lan ezberdin ugari (Katalogoa, Aurkibideak, Liburutegi osagarria, etab.) eta erabiltzailearenganako arreta (Hitzordua Eskatzeko Sistema, Ikertzaileen Fitxategia, Agiri Eskariak, Eskabide Erreprografikoak…) biltzen dituen kudeaketa- sistema informatizatu dugu, nahi duenak gure deskribapen-tresna batzuk kontsultatzeko aukera izan dezan (Katalogoa eta Sakramentu Erregistroen Aurkibideak). Esan beharra dago, aplikazio informatikoa burutzeko prestaera-lanak zail eta konplexuak direla, eta ezarian-ezarian gainditzen ari garela erronka teknologiko hau.