Elizbarrutia 1950. urtean sortu bazen ere, Artxiboa ez zen 1972. urtea arte eratu. Urte horretan, Elizbarrutiko orduko gotzainak, Jazinto Argaia Goikoetxea jaunak, Sebastian Insausti izendatu zuen Elizbarrutiko lehen artxibozain, eta helburu zehatzarekin izendatu ere: “Gure probintzian aurreko garaietan pastoraltzan jardun zutenek arazo pastoralak nola konpondu zituzten adieraziko diguten agiriak jasotzea”.
Gaur egun, Artxiboaren egiteko nagusia, Donostiako Elizbarrutiko fondo historiko-dokumentalak, 75 urtetik gorako antzinatasuna dutenak, zaintzea eta zabaltzea da. Agiri guzti hauek balio handikoak dira –datatuen artean zaharrena 1353koa da-, eta funtsezkoak Gipuzkoako memoriaren berri emateko eta bertako gizartearen, gizon-emakumeen, fedearen nahiz ohituren bilakaera gogora ekartzeko.