Donostiako Elizbarrutia 1950ean sortu zuen Pio XII.a aita santuak, Quo commodius (1949/XI/2) buldaren bitartez. 1862tik ordu arte, Gipuzkoako hiri eta parrokia guztiak Gasteizko Elizbarrutiaren barnean zeuden sartuta.
Elizbarrutiko jarduerak ugaritzen zihoazen heinean, Artxiboa gorputz hartzen eta handitzen hasi zen, isilean baina atergabe, batez ere, parrokietan bazterrean gelditzen ziren agiri baliotsu haiek jaso beharra zegoela konturatzean.
Horrela, 1972ko martxoaren 28an eman zitzaien hasiera Artxiboko lanei, gure Elizbarrutiak 22 urte besterik ez zituenean. Jazinto Argaia Goikoetxeak, Elizbarrutiko orduko Gotzainak, honakoa eskatu zien Gutun baten bidez parrokiei: martxan jarri berria zen Elizbarrutiko Artxibora entregatu behar zituztela, 1872. urte aurreko Elizako obra-kontuen liburua; baita 1862an Gasteizko Elizbarrutia sortu aurreko Kofradia, Ermandade, Kaperautza, Erruki Ekintza, Ondasunen Inbentario, Testamentu eta Diru-zentsuei buruzko dokumentuak, eta Pastoral Ikustaldietako liburuak ere, eta horiekin batera Parrokiako kabildo, hamarren, lehen fruitu, etab.ekin zerikusia zuten dokumentu ez administratibo guztiak ziren entregatu beharrekoak.1 Hainbat eta hainbat eztabaida piztu zuen agindu honen xedea, gure iraganaren lekuko diren agiri preziatu eta ordezkaezinak zaintzea, segurtasunez gordetzea eta jendartean zabaltzea zen.
Aipaturiko 1972ko Gutun horretan bertan, Sebastián Insausti Treviño, 1970az geroztik Kuriako Artxibozaina zena,2 izendatu zuen Elizbarrutiko Artxibozain. Bera izan zen, hortaz, kargu hori lehen aldiz hartu zuena. Berehala, Gutunean aipatzen diren fondo parrokialak biltzeko lan neketsuari heldu zion. Hasieran, Donostiako Prim kaleko 43. zenbakiko behe solairuan jasotzen ziren agiri guztiak. Nolanahi ere, tolosar aditu eta prestu honen ekarpenik handien eta baliotsuena, “Gipuzkoako Artziprestalde Nagusiko Apaizen Kongregazioa” delakoaren fondo dokumentalaren inbentarioa antolatzea, sailkatzea eta abian jartzea izan zen.
Honetan, ordea, 1974an, Sebastian Insaustiren osasun-egoera larria zela eta, Joseba Goñi Galarraga3 apaizari eman zitzaion Artxiboko ardura, eta, Andoni Eizaguirre Galarraga eta Diego Garagorri Bastarrica Artxiboko laguntzaileekin batera, Elizbarruti osoko fondo historiko-sakramentalak biltzen jarraitu zuen. Esan behar da, halako lan handi eta zamatsua bete behar zutenez, Renault 4TL4 erosteko erabakia hartu zela, eta denborarekin txit baliagarri eta estimatua izan zela.
Goñiren zuzendaritzapean ekin zitzaion fondo sakramentalen mikrofilmazioari, 1977ko urriaren 6an, jatorrizko agiriak zaintzeko beharrari teknologia berriek eskainitako aukera berriak aplikatuz. Izan ere, alde batetik, ikertzaileek eskuetan usu erabiltzeak areagotu egingo zuen agiriak hondatzeko arriskua, eta, bestetik, edozein ezbehar edo hondamendiren ondorioz agiriak galtzeko arriskua ere hor zegoen. Hala, arrazoi horiek kontuan hartuta, jatorrizko sakramentu-agirien bi kopia mikrofilmatuak egiteko beharra aski justifikaturik zegoela iritzi zitzaion.
Hala eta guztiz ere, agiriak etengabe iristen zirela ikusirik, eta horiek guztiak kokaleku egokietan jasotzeko beharrak bultzatuta, agerian gelditu zen Prim kaleko tokia txiki gelditu zela helburu hauei behar bezala erantzuteko. Horrela, 1978ko maiatzean, Artxiboa Elizbarrutiko Seminariora lekualdatu zen; hots, hiriko eraikin handi, ospetsu eta enblematikora. Artxiboa eraikinaren atzeko dorrean kokatu zen, laugarren solairuan, bertan zegoen liburutegia eraikineko beste eremu batera lekualdatu ondoren. Antolamenduari dagokionez, eraikinaren atzeko dorrearen koroaren azpian Irakurketa eta Kontsulta Gela dago, 10 metroko luzera, 10 metroko zabalera eta 7 metroko altuera dituena. Hortxe artatzen ditugu ikertzaileak. Fondo dokumentalak jasotzen dituzten bulego eta biltegiak, berriz, inguruan daude.
Urte batzuk geroxeago, 1986ko apirilean hain zuzen ere, Luis Murugarren Zamora izendatu zuten Elizbarrutiko Artxibozain Nagusi, Gotzaindegiko orduko Artxibozaina zena.5 Aipaturiko kargu berri honetan, pertsona bakar baten esku gelditu ziren bi erakundeetako zuzendaritza-lanak: alde batetik, Kuriako Artxiboko zuzendaritza, eta, bestetik, Elizbarrutiko Artxibo Historikokoa. Murugarren jaunak, Andoni Eizagirreren laguntza eskergarekin, parrokietatik jasotako fondoen sailkapena egiteari ekin zion, eta halaxe hasi zen gure Liburutegi osagarriari gorputz ematen. Orduz geroztik hornitzen eta aberasten joan da, ikertzaileentzat kontsulta-tresna txit eraginkorra bilakatu den arte.
1989ko azaroaren 6an, Jose Anjel Garro Muxika lazkaotarrak hartu zuen Artxibo Historikoko zuzendaritzan erreleboa; gero, 1993an Elizbarrutiko Artxibozain Nagusi6 izendatu zuten, eta, 2003ko uztailean, Katedralekoa ere bai. Bere agintaldian, sakramentuen jatorrizko liburuak kontsultatzeko aukera kendu, eta, gaur-gaurkoz, mikrofilmetan eginiko kopiak ipini dira horien ordez. Era berean, Artxiboko funtzionamendua arautzen duen Arautegia onartu da, kudeaketa-prozesuak informatizatu egin dira, nola agirienak hala erabiltzaileenak, eta dagoeneko abian dira sail desberdinen digitalizazioa eta web orriaren prestaketa-lanak. Halarik ere, lan eta ahaleginik handienak eskatu dituena, dokumentu-fondo guztiak ISAD (G) nazioarteko deskribapen-arauen arabera katalogatzea izan da ezbairik gabe. Guztira 7 ale hartzen dituen katalogoa osatu da horrela.
Alabaina, denboraren halabeharrezko joanak, erabiltzaile-andanak, dokumentu berrien atergabeko etorriak eta lapurreta nahiz suteen aurkako segurtasun-sistema eta -neurriek hala eskatuta, 2001eko azaroan Artxiboko instalazioak goitik behera berritzeko eta zabaltzeko erabakia hartu zen, eta, horretarako, fondoak, apalak, bulegoak, etab. Seminarioko beste lekuetara eraman behar izan ziren. Berrikuntza guztiak amaitu ostean, Artxiboak 2002ko irailean zabaldu zituen berriro bere ateak, dorre beraren gerizpean, baina, oraingoan, 1.000 m2 inguruko zabalera hartuz. Honenbestez, bikoiztu egin dira aurreko neurriak, Irakurketa- eta Kontsulta-aretoen aldameneko gelak eta solairu bat beherago dagoen areto zabal bat Artxiboko biltegi gisa eranstearekin. Berrikuntza-lan itzela, dokumentuak ahalik eta hobekien zaintzeko, eta ikertzaileei are zerbitzu hobea emateko.